XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nazionalismoa

Azken Gerrate Karlistaren ondotik gertatu zen industrializazio azkarrak nortasun krisia sortu zuen euskal gizartean, mila faktorek eraginik: - Nekazal eta artzain gizartetik industrializatutako gizartera igarotzea.

- Foru sistemaren ezabaketa.

- Inmigrazio itzela, bertakoak minorian utzirik.

- Euskal ideologiaren euskarri izan ziren ideiak zalantzan utzi zituen langile mugimenduaren sorrera.

Guzti honek zenbait pertsona, Sabino Arana horien artean, bultzatu zuen euskal kontzientzia nazionalaren izaera aldarrikatzera.

Hauxe izan zen 1895ean bizkaitarrismoa deituriko mugimenduaren sorrera.

Mugimendu honek euskal naziotasuna, arraza, hizkuntza, gobernua, legeak, izaera, ohiturak, nortasun historikoa eta abarren bidez aldarrikatu zuen.

Espainiaren inbasioaren aurrean har zitekeen jarrerarik onena Estatuarekiko lotura guztiak haustea eta independentzia politikoa aldarrikatzea zela adierazi zuen.

Nazionalismoa sortzen da euskal sena desegina zuen industrializazioari sutsuki kontra egiteko, eta alde batetik, ideia sozialistei, eta bestetik, kultura espainolarekiko bateratzea suposatzen duen edozein gauzari (bai kontzertu ekonomikoak, bai etorkinen aberriaren onespena, eta are gehiago, bai arraza bera, ohiturak eta beraien adimena) erabat kontrajartzeko.

Hala ere, badaude bi joera nazionalista oso desberdin.

Lehena, Sabino Aranak gidatua, eta bigarrena, industrializazio-prozesuaren eragilea den burgesiaren itzalpean jaioa, ordezkaririk behinena Ramón de la Sota y Llano izango duena.

Azken nazionalismo honek, jakina, ez du industrializazioa kritikatzen, eta bere ikusmolde nazionalistetan ez da hain sutsua.

Baina biak alderdi berean elkartuko dira.

Nolabait esateko, oraindik ere gaurko nazionalismoan dauden bi joera dira: independentzia autonomiaren aurka.

Kontraesana iruditu arren, bi joerek bat egiten dutenean hasiko da nazionalismoa erakunde politiko gisa garrantzia irabazten.

Beste alde batetik, harritzekoa da lehen aldi nazionalistaren lehenengo jarraitzaileak Bilboko erdi mailako burgesia izatea.

Modu honetan, XIX. mende bukaerako urte askotan eta XX. mende hasieran, Bizkaia nazionalismoaren ardatz eta gune ia bakarra bilakatuko da.

Lehen Mundu-Gerra garaira arte ez dute nazionalistek indar nabarmenik izango Gipuzkoan.

Askoz beranduago sartuko dira ideia nazionalistak Araban eta Nafarroan.

Lurraldeotan Bigarren Errepublika garaian ere eragina urria izango dute.